ESZENA

“Quotidiano amuse toi” , Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIII. edizioaren eskutik

Bihar, larunbata 29, Ana Jezabel portugaldarraren Quotidiano amuse toi dantza ikuskizuna taularatuko da Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIII. edizioaren eskutik. Hitzordua La Fundicion aretoan izango da , 19:00etan.

Ana Jezabel obraren zuzendaria bera eta Angela Diaz Quintela dantzaria taularatuko dira lana interpretatzera. Eguneroko bizitzaren ikuspegi dibertigarri baten proposamena dakar zuzendari portugaldarrak. Birentzako koreografia bat da, indarren eta ahulezien erlazio eta koordinazio “intrintsekotik” egina. “Bi emakume mundu ez-material eta zehaztugabe batetik dabiltza, eta materiaren ezaugarria den mutazioa behatzen, entzuten eta onartzen gelditzen dira”. Animalien eta bi gorputzen jariakortasunaren arteko elkarrizketa bat interpretatuko dute. “Bi gorputzak haien arteko mugimendu birakaritik bizi dira, harik eta umorea gizakiaren ezaugarri saihestezin gisa agertzen den arte”.

Azaroaren 3an eta 10an izango dira hurrengo bi hitzorduak Azkuna Zentroan. Bi proposamen harrigarri eta ezohiko izango ditugu bertan: Guillermo Weickerten Parece nada obra eta Manuel Rodrigueze Screensaver lana. Azaroaren 19an, aldiz, Flamenkoaren txanda Guggenheim Museoan.  Florencia Oz eta Isidora O’Ryan ahizpekin, bata dantzan eta bestea txelo-jole, Antípodas obraz gozatzeko aukera izango du publikoak.

Jaialdia abenduaren 1ean bukatuko da, La Fundición aretoan. Bertan eskainiko da jaialdiaren proposamen disruptibo eta deigarriena: XXXplicit Dance, dantzaren eta sexuaren arteko harreman historikotik abiatuta, 10 film laburren emanaldia. Dantza erotikoaren dokumentazioan eta ekintza sexual esplizituekin jarduten duten talde artistikoen eta zuzendarien film-bilduma bat da.

“Zeintzuk dira dantzaren mugak?” proposamenetik abiatuta, koreografia eta pornografiaren arteko elkargunea esploratuko da. Hala, Barcelona Dance Film jaialdiarekin elkarlanean eta Andreas Hannesen Amsterdamgo Cinedans festibalaren laguntzarekin, sexu ia esplizituko uneak barnean hartzen dituzten dantza erotikoko filmak dira.

Bertan izango dira, Bartzelonako Choreoscope jaialdiko zuzendaria eta filmeen hautaketaren komisarioa Loránd János, Jennifer Lyon Bell, estatubatuar errealizadore, ekoizle eta idazlea, eta Antonio da Silva portugaldarra, gay porno-zinemako zuzendaria, “dantzaren bidez beste era bateko istorioak kontatzeko: istorio erotikoak eta sexualak”.

Jaialdiaren programazioa eta xehetasun guztia, dantzaldia.org webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button