MUSIKA

Kerobiak agur esan du, hamahiru urte eta gero

Kerobia taldea 2001eko abenduan eratu zen, harrezkeroztik, hamahiru urte igaro dira, eta dozena erdi disko argitaratu ditu, azkena, Supernova (2012).

Bada, atzo, nafarrek iragarri zuten taldea desegingo dela: “Ibilbidea luzea izan da eta batez ere oso esperientzia handia, osoa. Ibilbide bat jorratu dugu, hamaika gora beherekin, hamaika erabakirekin, hamaika proiektu ezberdinekin gauza bakar baten barruan: Kerobia”.

Taldeak jakinarazi duenez, azken diskoa plazaratu zuenetik, hainbat ideia eta asmo izan dute eskuartean, baina ez dira gauzatu. “Urtebete baina gehiago pasatu da Supernova kaleratu genuenetik. Geroztik hainbat ideia, ekimen eta burutazio eduki ditugu. Baina ez dugu gure burua, horiei aurre egiteko egoera batean ikusi”.

Hamahiru urteko ibilbide opari horretan, nafarrek kutsu ingeleseko (Coldplay, U2…) pop-rock dotorea jorratu dute sei diskotan: Kerobia (GOR, 2004); Rose Escargot (GOR, 2006); Materia organikoa eta gainerakoak (Y las Ardillas Mágicas, 2008); Papera eta kartoia (Y las Ardillas Mágicas, 2009); Ontziak (Y las Ardillas Mágicas, 2010); eta, azkenik, aipatutako Supernova (Y las Ardillas Mágicas, 2012).

Hauexek dira taldearen azken hitzak: “Momentu honetan, guk, hitz hauek sinatzen ditugunok, Kerobia gure buruan bizirik geratuko den zerbait dela baieztatzen dugu. Gainera, aldez aurretik badakigu gurekin nolabaiteko lotura eduki duten horien izenean ere hitz egiten dugula hau baieztatzen dugunean. Mila esker guztioi eta mila esker Kerobia, eman diguzun guztiagatik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button