ESZENA

Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begiradapean

Benetan Be taldeak Porno vs Afrodita izeneko lana aurkeztuko du gaur, hilak 15, Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzezlana da Porno vs Afrodita.

“Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.
Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.”

Benetan Be Zubi deialdiaren bultzadaz aurrera atera den proiektu da. Taldearen esanetan, “Porno vs Afrodita gure bigarren ikuskizuna dakarkizuegu oraingo honetan. Ikusle gazte eta ez horren gazte, heldu eta oraindik heltzear daudenentzat sortu dugu. Hainbat zalantza, grina, ezintasun eta aseezintasun elkarrekin partekatzeko”.

Lan zuzentzen Patricia Urrutia, Elena Olivieri eta Pablo Ibarluzea aritu dira, eta aktore lanetan  Patricia Urrutia, Ion Zumelaga eta Juanjo Otero.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button