MUSIKA

Pop eklektikoa, Mursegoren lan berrian

Mursegok (Maite Arroitajauregi) Hiru izenburuko lan berria aurkeztu berri du Bidehuts kolektiboaren laguntzarekin; makina bat estilotatik edaten duten hamaika doinu eklektiko bildu ditu bertan: cumbia, pop, reggaeton, esperimentazioa…

Eibartarrak ekoizle baten laguntza izan du estreinakoz hirugarren lan hau ontzeko: Ibon RG sestaoarra. Maite eta Ibon Ander Barriuso teknikariarekin aritu dira Azpeitiko Elektrika Grabaketak estudioan.

Arroitajauregik askotariko erritmoak gehitu dizkio bere ohiko proposamen popzaleari. Iban Zalduak idatzi duen promozio-orrian jasotzen denez, “(…) Mursegoren pop-a harrapatzen duen horietakoa dela: Hiru diskoa, lehenengo kantatik hamaikagarreneraino, horren lekuko da. Eta pop-a diot, hitzaren zentzu zabal eta nobleenean: rocketik, abangoardiatik, klasikotik eta (geografia ezberdinetako) folketik edaten duen pop-a da Mursegorena; hau da, egungo musika herrikoia alegia, hemengoa, “hemen” leku guztiak direlako jada”.

Hitzei dagokienez, ironia, erreferentzia zinematografiko eta kontakizunez josita datoz. “(…) Hiru honetako kanta gehienek: istorio bat dutela bere baitan, ipuin bat ia; filmezale batek, ordea, diskoko kanta askoren izaera zinematikoa nabarmenduko luke, ziurrenik. Pelikulak eta ipuinak gustatzen zaizkigunontzako opariak dira, edonola ere, Mursegoren diskoak. Eta hiru dauzkagu honezkero: biblioteka txiki bat”, idatzi du Zalduak hitzen harira.

Testuak eibartarrarenak dira, baina horietako batzuk osatzeko Victor Iriarte zinegilearen eta Beñat Sarasola eta Mikel Aierbe idazleen laguntza ere izan du. Harkaitz Canok, halaber, Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen doinu zinematografikoaren hitzak egin ditu. Horretaz gainera, Azpimarragarria da oso, Ramon M. Zabalegik egin duen diseinu lana.

Orain, kantu berri horiek zuzenean entzutea falta zaigu; izan ere, abenduaren 6an, Duangoko Azokako Ahotsenea gunean izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button