LITERATURA

Poetek idazterakoan duten inspirazioa

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Elkarrizketak Literaturarekin XXI. mendean topaketaren beste hitzordu bat antolatu du gaur, urtarrilaren 14an, 19:00etan. Bertan, 2024ko Euskadi Literatura Sarien irabazleak izan diren Harkaitz Canok eta Jon Gerediagak parte hartuko dute. Juanra Madariaga idazleak moderatuko du elkarrizketa.

Gaurko saio horretan, Zertan pentsatzen du poeta batek idatzi behar duenean? galderari erantzuteko beta hartuko dute gonbidatuek.  Eta berean aurreko itaunaren antzeko beste batzuk sortuko dira, hala nola, Zein da poetaren bazka? Zein poema baten detonantea? (Bizitzaren esperogaitzak luzatzen duena, nonbait eta noizbait ikusitakoa, edota beste liburu batean irakurritakoa), Abstrakzio ariketa bat ere egiten du poetak hainbat formula gramatikalen bidez? Emozio pertsonalaren dosia gehitzen dio edota kontu mekanikoa izaten da?  Behin poema idatzita, orrazketa dator, garbiketa, kirurgia zehatza? Edo bego horretan? Sortzaile sentitzen da uneoro poeta bat?

“Parte hartzaileek lan poetiko bat sortzeko prozesuari buruz hitz egingo dute eta idazten hasten denean poeta batek dituen pentsamenduak azaltzen saiatuko dira. Inspirazioa eta nondik datorren beti izan da gai errepikakorra literatura-sorkuntzari buruzko hausnarketetan eta egileen arabera, hori hainbat iturritan sor daiteke, hala nola aldez aurreko bizi-esperientzietan, beste irakurketa batzuetan, existentziaren alderdiei buruzko gogoetetan eta abarretan”.

Lasarten jaiotako Harkaitz Canok kontakizuna, eleberria, poesia, antzerkia, kronikak eta haur eta gazte literatura landu ditu. Makina bat lan ditu plazaratuak, eta hirutan lortu du Euskadi Literatura Saria, 2005ean Belarraren ahoa lanagatik, eta 2012an Twist lanagatik, eta 2024an Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez lanagatik.

Jon Gerediaga poeta eta antzerkigile bilbotarra da, Antropologian doktoratua eta Filosofia irakaslea. Hainbat poema-liburu argitaratu ditu, eta zenbat antzezlan ere bai. Lauaxeta Saria irabazi zuen 2015ean Argia, Lurra, Zuhaitza, Zerua lanagatik; 2020an Natura berriak lanagatik, Xabier Lete nazioarteko poesia-saria eta Espainiako Kritikaren Elkartearen saria, eta 2024an, Euskal Literaturako Euskadi Saria Zeru-lurren liburua lanagatik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button