
Gaur, ekainak 20, eguerdiko 13:00etan, eta Donostiako Udal Liburutegian, Gerardo Markuleta (itzultzailea), Iñaki Iñurrieta (EIZIEko lehendaria), Jokin Azkue (Euskara Sustatzeko Zuzendaria, Eusko Jaurlaritza) eta Xabier Mendiguren Elizegi (editorea) bilduko dira, Poeta katalan garaikideak. Antologia izeneko lanaren aurkezpenaren inguruan.
“Gure inguruko hizkuntza gutxituen artean handiena den katalanak literatura nazional oparo eta aberatsa izan du, era berean; ez bakarrik Erdi Aroko aurrekari miragarriengatik, baita Renaixençaz geroztiko mugimendu ugari eta askotarikoengatik ere. Horren erakusgarri egokia dira Antologia hau osatzen duten poetak, XX. mende osoa hartzen dutenak: klasizistak eta abangoardistak, bere herriarekin eta kulturarekin konprometituak, beste hizkuntzetako poeten oihartzunak berera ekarri zituztenak, gaietan nahiz formetan berrikuntzak eta esperimentuak egin zituztenak… Idazle unibertsalak, orain geure hizkuntzan irakur ditzakegunak”.
Lan hau, Urrezko Biblioteka bildumako beste ale bat izango da. Bertan, eta gaur aurkeztuko denaren aurretik, Eugène Ionesco, Katherine Mansfield , Edgar Allan Poe, Daniel Defoe William Shakespeare , Jonathan Swift, Gustave Flaubert , M.J. Lermontov eta Jane Austenen lanak topa daitezke.
Beste aldetik, ez da Gerardo Markuletak Kataluniako literaturaz argitaratu duen lehen lana, izan ere, bere itzulpenari esker, Hobe kontatzen ez badidazu (Pasazaite) izeneko ipuin bilduma ere badugu eskura. Kataluniak dituen idazle interesgarrienetako batzuk bildu ditu autore honek Hobe kontatzen ez badidazu antologian. Bertan Q. Monzó, I. Monsó, S. Pàmies, E. Moliner eta F. Serés idazleen lanak irakur daitezke.



