
Datorren astean, irailaren 7an eta 8an, Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan, Poesia Orduak ekimena abiatuko da. Ikusgarriak 20:30ean hasiko dira.
Astelehenean, Ixiar Rozas eta Maite Arroitajauregi bikotearen eskutik, Beltzuria (7. irakurketa) saioa ikusteko parada egongo da. Aurkezpenean Beltzuria liburuko eta Plastika laneko materialak uztartuko dira lehen aldiz.
“Zer, ahotsa desagertu aurretik. Eta ondoren, ahotsa desagertu ondoren? Esanahiak ahotsa kendu dio hitzari, haragia, gorputza ezabatu dio. Esanahiaren erreinuan hitza ez da eztarritik irteten, ezta gorputzaren tolesduretatik. (…) Beltzuria ahotsaren espazio politikoaren inguruko gogoeta da”.
Hurrengo egunean, irailaren 8an, Karmele Jaioren Orain hilak ditugu lehen poema liburuan oinarritutako emankizuna izango da. Ikuskizunean zuzeneko musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dira Karmele Jaio, Aitor Agirre eta Triku musikariaren eskutik.
Garai bateko nostalgia, ahuldadea, maitasunaren agortzea, desioaren berpiztea edota heriotza bezalako gaiak jorratzen dira Karmele Jaiok errezitatuko dituen poemetan.
Jarduerak doakoak dira baina gonbidapenak jaso behar dira aurretik leihatilan.



