
Gaur berton, hilak 9, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan, Poesia eta pentsamendua izeneko saioa antolatu da. Musikaz lagundutako poesia errezital eleaniztunean parte hartuko dute Chus Pato, Sara Uribe-Etxeberria Atxurra, Iker Aranberri Sarasua, Nadia Fabo eta Oihane Jaka poetek. Ekitaldiak Jon Makuso biolinistaren laguntza izango du.
Nabarmentzekoak dira Chus Pato idazlea, Espainiako Poesia Sari Nazionala, eta Sara Uribe-Etxeberria, Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren azken edizioaren irabazlea. Sara Uribe-Etxeberria Atxurrarena da Kuntzak eta kerak (Balea Zuria) poema-liburua. “Mundu eta atmosfera propioa dauka, eta poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat bilatzen du. Lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea. Hizkuntza aldetik, ez ohiko heldutasuna eta batasuna dauka tonuari eta egiturari dagokionez. Erreferentzia askotarikoak baliatzen ditu, hurbilak zein urrutikoak, arruntagoak zein jasoagoak. Askotariko gaiak agertzen dira liburuan zehar: poesiari buruzko gogoetak, belaunaldi kontuak, mina, kezka sozialak, giza izaerari buruzko gogoetak… Eta berean, originaltasuna eta arriskua bilatzen du poemak josteko orduan”.
Diogun moduan, beraiekin batera Iker Aranberri Sarasua, Nadia Fabo eta Oihane Jaka ere arituko dira.
Poesia eta Pentsamendua programaren 18. edizioa da hau. Donostia Kulturaren laguntzarekin, 2008. urtean, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik hasiera eman zioten poeta ugarik parte hartu duten egitasmo honi.