MUSIKA

Bizardunak-en apustu musikala rock gitarren bidetik

Bizardunak banda nafarrak Ur Ederra Kirats Infinituan izenburuko hirugarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilboko pub irlandar batean, mahai gainean garagardo beltzak eta ogitartekoak zituztela. Taldeari atxiki ohi zaion irudi parrandazalea gainetik kendu nahi izan dute musikalki landuago den disko bat argitaratuz. Horretarako, ohiko folk akustikoari rock gitarren energia gehitu diote.

Aurkezpen ekitaldian lau taldekide izan dira: Asier Brutal (biolina), Aitor Aldanondo (gitarra), Jose Mari (abeslaria) eta Iñigo Cabezafuego (banjoa eta akordeoia). Laurekin batera Ritxi Azipuru Baga Biga diskoetxearen koordinatzailea izan da.

Taldekideek agerraldiaren hasieratik nabarmendu dute hirugarren disko hau asko landu dutela musikari dagokionez. “Musikalki apustu musikala egin dugu, disko hau asko landu baitugu, hori izan da helburua”, esan du Jose Mari kantariak. “Ordu asko sartu ditugu moldaketak eta gitarrak sartzen”, gaineratu du Aitor gitarra jotzaileak.

Aurreko diskoetatik aldentzeko nahia ere aipatu du Asier biolin joleak, alegia, zerbait desberdina egiteko premia. Horretarako, rock and rolla hartu eta taldeak hastapenetatik jo izan duen folk akustikoarekin nahastu dute. Horren isla, Hilko Dugu Euskalherria kantuan entzun daitezkeen hard rock kutsuko gitarra doinuak, Hegalaldiak abestian nabarmentzen diren western kutsuko gitarra pasarteak, eta Azken Heroia doinuko slide gitarrak.

Hirugarren grabazio honekin, halaber, taldeak oholtzan agertu ohi duen mozkor zalea ere kolokan jarri nahi izan dute. “Jende askok txantxa gisa hartzen gaituzte, eta horrek biziki haserretzen nau, jada hiru disko argitaratu ditugu eta horrek bere balio musikala dauka”, azpimarratu du abeslariak. “Disko onak egin daitezke eta agertokian beste irudi bat erakutsi”.

Disko hau entzuterakoan hasieratik nabaritzen da bederatzi musikariek ahalegin handiak egin dituztela estudioan lan hau erditzeko. Hala, iragan uztailean Garate Estudiotan sartu ziren Kaki Arkarazo eta Martxel Arkarazo teknikari laguntzaileekin. Diskoa Luther Rusell-ek ekoitzi du, eta diskoan kolaborazioei dagokienez, Joseba Irazokik banjoa jo du Ur Ederra pieza instrumentalean. Guztira 12 kantu dira, bederatzi euskaraz, eta bi bertsio ere jaso dituzte, Necrobestialismo tradizionala eta Peggy Segger-en Omega Mailua (Casta de Bastardos).

Hitzen harira, ohikoak direla esan du Jose Marik, gizartean ikusten dutenaren isla, baina ez aldarrikatzaileak. Egoera larria dela nabarmendu du, “etorkizunetik ez dugu ezer espero”. Disko berri eta berritzaile hau abenduaren 1ean aurkeztuko dute Atarrabian, eta Durangotik igaro ondoren, abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, Bilboko Kafe Antzokian izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button