
Bilboko Udalak Poesiaren Mundu Eguna ospatuko du gaur Miguel Hernandez poetaren testuekin, poetaren heriotzaren 75. urteurrenarekin bat etorriz. Saioa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30etik aurrera, eta bertan Joserra Senperenaren pianoa eta Udane Goikoetxearen eta Patxi Zubizarretaren ahotsak entzun ahal izango dira.
Esatariek eta musikariak poetaren poema ezagunenetako batzuk haizatuko dituzte: Canción última, Boca que arrastra mi boca edo Cancionero y romancero de ausencias, besteak beste. Horretaz gain, euskarara itzulitako zenbait poema ere errezitatuko dira, Tipularen sehaska kanta edo Haur itzaina, adibidez.
Aurten, Miguel Hernandezen urtea izango da, bere heriotzaren 75. urteurrenarekin bat etorriz. Miguel Hernandez (Orihuela, 1910 – Alacant, 1942) poetaren gaineko datuak, honakoak dituzue: Alacanteko kartzelan hil zen, Gerra Zibilaren ondoren bertan egon baitzen preso, arrazoi politikoak zirela eta. Miguel Hernandezek oso parte hartze aktiboa izan zuen Gerra Zibilean, eta gerra amaitzean herrialdetik ihes egiten ahalegindu zen, baina Portugaleko mugan atxilotu zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten, baina haren ordez hogeita hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten ondoren. Hala ere ez zuen zigorra bete, tuberkulosiak jota hil baitzen 1942ko martxoaren 28an. Bereak dira Viento del pueblo, El hombre acecha, Cancionero y romancero de ausencias, El silbo vulnerado eta Imagen de tu huella izeneko liburu eta poema famatu batzuk.



