ARTEA

“Ekinean ibiltari” esku-hartze artistikoa, Araban

Hiru gunetan esku-hartze artistiko bat egiteko komisariotza-proiektu bat hautatzeko lehiaketa abiarazi dute Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 23an amaituko da.

Ekinean ibiltari izeneko ekimen honen helburuak dira, besteak beste, “artea ezohiko esparruetan garatzea, bertako sorkuntzari babesa ematea eta sorkuntza eta gogoeta garaikidea Arabako gizarte osora zabaltzea, landa-ingurura bereziki”. Hortaz, aurkeztu den programa esku-hartze eta esperimentazio artistikoko programa bat da, “zeinaren xede nagusia baita arte garaikidearen eta lurraldearen arteko elkarreraginerako esparruak sustatzea, landa-inguruarekiko, inguru naturalarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz”.

Espazioak honakoak dira: Lehena, Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharra da, joan den mendearen lehen erdi aldean ospetsu egin zena eta bertan behera utzia izan ondoren Arabako bailara txiki horretan berriz ere berreskuratu dena; bigarrena, Vasco-Navarro Trenbidearen bide berdeko Atauriko tunela da, Mendiko herri horren behe alden dagoena; hirugarrena, Garaioko Parkea, Ullibarri-Ganboa urtegiaren ertzean eta, zehatzago, hango Interpretaio-Zentroa eta duela gutxi zaharberritu den San Esteban eliza, eta, azkenik, Nerbioi Ibaiaren Parke Linealeko behatokia, Laudio, Aiara eta Amurrio herriak lotzen dituena, naturarekiko topagune bat Aiarako Bailararen gerriko industrialean.

Aurkeztuko diren proiektuek baldintza hauek kontuan hartuko dituzte: “sorkuntza garaikidearekin lotuta egotea, gutxienez hiru artistaren parte-hartzea izatea, hautatutako lekuetako testuinguru soziokulturalarekiko topaketa eta bitartekaritza ekintzak proposatzea eta esku hartuko den guneetako eta aldirietako ingurumenaren, arkitekturaren eta ondarearen osotasuna errespetatzea”.

Deialdiaren oinarriak Artiumen web orrian daude argitaratua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button