MUSIKA

“Pete Seeger gogoan” biraren azken kontzertua

Bihar, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Pete Seeger gogoan izeneko biraren azken kontzertua egingo du Lou Topetek. Bertan Pete Seeger (1919-2014) musikari estatubatuarraren kantutegia euskarara moldatua aurkeztuko dute.

Lou Topet eta Canok iaz argitaratutako Abesti bat gutxiago disko-liburutik tiraka (lan hark AEBetako hainbat musikariren kantuak biltzen zituen euskarara ekarriak), Loraldiak Pete Seegerren inguruko ikuskizun bat egiteko eskatu zien taldeari eta idazleari, estatubatuarra omentzeko asmoz, euskal kantarien artean eragin handi izan baitzen; aipatu diskoan, hain justu,  Pete Seegerren kantu bat jasotzen zen, Loreak non dira.
Hori dela-eta, Oier Aranzabal Lou Topeteko musikariaren hitzetan, Loraldia jaialdirako propio eginiko ikuskizuna diskoaren haren “epilogoa” da. “Proiektua ixteko aukera ematen digu, bai eta aurrera begiratzeko ere”.

Abesti bat gutxiago disko-liburuan Rafa Ruedak ere parte hartu zuen, Harkaitz Canorekin batera. Idazle donostiarrak, beste artista batzuen bidez ezagutu zituen Seegerren kantuak, tartean, Bruce Springsteen eta Johnny Cashen bidez. Hortaz, ondare partekatutzat jo zuen estatubatuarraren errepertorioa. Seegerren hitzak garaiotara ekartzea erronka izan zen Canorentzat. “Garai idealizatu baten eginak dira, naif kutsukoak, balio tradizionalak zabaltzen dituztenak, beraz, erronka izan da egungo garai zinikootara moldatzea”.

Bira luzea egin ostean, biharkoa azken kontzertua izango da. Bertan Oier Aranzabal (ahotsa, gitarra akustikoa, harmonika), Rafa Rueda (gitarra elektrikoa,ahotsa), Joserra Senperena (hammonda, teklatua), Oihan Larrañaga (baxua), eta Ander Zulaika (bateria) izango dira. Gainera Mikel Urdangarin, King Konsul eta Giorgio Bassmatti gonbidatuak daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button