
Lazarraga Kultur Elkarteak musika ziklo berria jarriko du martxan martxora bitartean: Ingudea, soinuak errementari kaletik. Bertan, “musika-proposamen desberdinak, arriskatuak hainbat kasuetan eta talentu gazteaz (eta ez hain gazteaz) gozatzeko aukera” eskainiko da. Kontzertu guztiak ostiraletan izango dira, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, iluntzeko 20:30etik aurrera.
Ingudea, soinuak errementari kaletik zikloa aste honetan bertan, hilak 24, abiatuko da Orbel taldearekin. Taldea Baionatik dator eta post-rock elektrikoaren esparruan mugitzen da, eta 2022an argitaratu zuten Lur Hezea diskoa aurkeztuko du. “Makina elektronikoak eta instrumentu tradizionalak nabarmentzen dira taldearen bigarren lan honetan, garai bateko erritu paganoen gisa, tribu-erritmoak eta hileta-zeremoniak nahasten direlarik”.
Hurrengo zita, otsailaren 21ean izango da Silitia taldearekin. Ibai Silicato eta Xabier Barrutia bizkaitarrak dira Silitia. Euren aburuz, “punky-funky-elektro-euskal-rock abestiak” eginten dituzte. “Bere proposamen estilistiko hedakorrak maisutasun harrigarri batekin nahastea lortzen du, hala nola, elektronika, post punk, funk, musika oktogonala, industriala, art rock… Eta honen gainean, melodia argi eta distiratsuak, pop klasikoaren estilorik garbienean”.
Azkenik, martxoaren 28an Iruñetik datorren Bris taldea arituko da. Bere kontzertuetan “ahots erreberberatuak, gitarra malenkoniatsuak, erritmo kutxak eta sintetizadoreak” entzuten dira, eta “synth pop-rock musika estiloan mugitzen dira gehienbat”.



