ARTEA

“Streetfighter”, kalean botatako koltxoi pintatuen bilduma ikusgai Bilboko SC Gallery-n

Bihartik urriaren 19ra bitartean, Ismael Iglesias artista durangarraren erakusketa bitxia egongo da ikusgai Bilboko Cortes kaleko 4.zenbakian dagoen  SC Galleryn. Bertan, zaborrean utzitako koltxoietan azken bost urteetan artistak egindako pintaden eta graffitien argazki bilduma egongo da ikusgai.

Erakusketaren irekiera ekitaldia bihar izango da, osteguna, 19:30ean, eta bertan egongo da artista bera ere, erakusketaren xehetasunak eta bitxikeriak kontatzeko.

Iglesiasen  lanek ikuslearen konplizitatea eta ikusgarritasuna bilatzen dute, eta hala da  Streetfighter obrarekin ere lortu nahi duena. Izan ere, kalean zaborrean utzitako koltxoi zaharrak erabili ditu bere obraren euskarritzat .“Alde batetik, esku-hartzeko gune gisa ‘lo egiteko leku baten’ metafora da, hau da, sistemak gizartea lokartu nahi duen lekua. Horregatik objektu hori hartzen dut eta esku sartzen diot, agindua izango balitz bezala: Batetik ‘esna zaitez’, eta bestetik, zeure pentsamendu eta ilusioak ‘ames itzazu’, egizu zerbait ‘borrokan, ekintzan parte hartu’”.

Koltxoietan, testuingurutik ateratako esaldiak idazten ditu artistak, iragarki taula balitz erabiliaz. Era honetan, “objektu hau eremu pribatutik publikora pasatzen den objektu bat izatera bilakatzen dut”, artistaren esanetan, eta lo egiteko objektu bat izatetik, esnatzera bultzatzen gaituen objektu bilakatzen du.

“Esaldiak bere testuingurutik moztu edo ateratzearen (cut-up) abantaila da, maiz zentzu orijinala galdu egiten dutela ametsa, atsedena,maitasuna eta bakardadearen metafora den koltxoia bezalako leku hain poetikoan idatzita”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button