BESTELAKOAK

“Basaurin Be Bagara” ekimena euskararen alde

Basaurin Be Bagara lelopean, abenduaren 2an, Solobarria plazan 12 orduz egingo den jaiak, 08:00etatik 20:00etara, etengabe euskaraz jardutea du erronka polita.

Ideia Euskarabila elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan bildutako hainbat euskaltzalerengandik sortu bazen ere, gero eta elkarte, erakunde eta norbanako gehiago dira antolakuntzan buru belarri dabiltzanak, eta eguna heltzen denerako, herri osoa jarriko da dantzan, auzolanean, eta helburu argi batekin, euskaldunok euskaraz bizitzea Basaurin.

“Basaurin euskaldunok asko garela, hemen gaudela eta euskaldun izateaz harro gaudela erakutsi nahi dugu abenduaren 2an, baita egun horretatik aurrera ere, jakina. Aldi berean, eguneroko bizimoduak sakabanatuta egotera behartzen gaituenez, euskaldunon topagune izan nahi du jai honek; egun batez euskaldunok batu, elkarren berri izan, elkarrekin gozatu eta elkarri hauspo eman nahi diogu euskaraz bizi ahal izateko. Baina guztiaren gainetik jai eguna izan nahi du, euskaldunon ospakizun egun handi bat”, esan dute elkartekideok.

Bideo eta kanta propio sortzen ari dira honezkero, Flash-mob-a ere azaroaren 23an burutu zuten, eta programazio potoloa ere ondu dute egun horretarako.

Adibidez, 09:00etan mendizaleak mendi buelta egitera irtengo dira: Solobarria, Kukurrustu, Finaga, Iruaretxeta eta buelta Solobarriara txokolate beroa hartzera. Mendira joan ordez, txirrindu gainean ordubeteko spinning saioa egin nahi bada, 09:00etan Solobarriara hurbildu besterik ez dago.
Beste aldetik, Biarte Dantza Eskolak dantza lehiaketa eta erakustaldia antolatu du. Lehiaketa bezperan egingo da, abenduaren 1ean, Ibaiganen eta erakustaldia 2an Solobarrian.
Korrika saioak ere egongo dira. Artunduaga Atlestismo Taldeak erronka bat jarri du: “Baietz 8 orduz (12:00etatik 20:00etara) ordu erdiro talde batek korrika saioa egin”.
Basauriko dantza taldeek ordu erdi batez euskal dantzekin gozatzea proposatuko dute. Plazako dantzek ume, gazte eta helduak bateratuko dituzte Solobarrian.

Saio horiek guztiak ondo burutu ahal izateko bazkari ederra ere atondu dute euskaltzale guztiontzat.


Egun ederra igarotzeko hitzordua duzue Basaurin. Animo!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button