ARTEA

“Paperezko inperio baten atlasa” instalazioa, San Telmo museoan ikusgai

Azken urtean, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum bikote artistikoak egindako lanaren emaitza da San Telmo museoan ikusgai jarri den instalazio hori. Artistok San Telmo Museoko artxiboaren mapa bilduman espedizio bat egiteko tresna sortu dute, beso robotikoa, dokumentu bakoitzean zehar kamera bat mugitzen duena.

Honela azaltzen dute Jaiok eta van Gorkumek beren lana: “Imajina dezagun hain mapa perfektua, lurralde baten xehetasun guzti-guztiak batzen dituela. Mapa horrek, Borgesek idatzi zuenez, maparen mapa bat eduki beharko luke barnean, eta horrek aldi berean maparen maparen mapa bat, eta horrela infinituraino. Mapa gehienak ez daude perfekzio maila goren horretan. Abstrakzioak dira, gure bizilekua den espazioaren irudikapen grafikoak. Itsaso amaigabeak, oihan zeharkaezinak eta hiri labirintoak irudi lau soiletara mugatzen dira, zirriborroak dira paper ahulezko orri batean. Nekez eskainiko dute munduko esperientzia pobretu bat baino gehiago. Baina abstrakzioaren benetako boterea ez datza errealitatearen erreprodukzio fidelean. Errepresentazioek, aldi berean, unibertso propioak sortzen dituzte, kanpoko erreferentzietatik eratortzen ez direnak. Demagun orain lurraldea ez dela maparen aurretik agertzen. Are gehiago, eta mapa bera balitz lurraldeari existentzia emango liokeena?”

Bi artistak bertako biltegian lanean aritu dira, mapak ikusi eta ikusi, eta dena irudi bakarrean mihiztatu dituzte lehen planoak. “Irudien bereizmena hain da handia, ezen begi hutsetik ihes egiten duten xehetasunak bereiz baitaitezke, hala nola paper-zuntzak, litografoaren hatz-marka bat edo paper-fitxategien etsai handiak sortutako zuloak: liburu-sitsa.”

Urtero, bildumaren eta errelato museografikoaren berrirakurketak eskaintzeko gonbidapen bat jasotzen du artista batek. Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum izan dira edizio honetako gonbidatuak.  Museo Bikoitzaren metodologiari jarraituz, Jaiok eta van Gorkumek hurrengo edizioan parte hartuko duen artista aukeratu dute: Inrich Sachs.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button