LITERATURA

Mikel Etxaburu irabazle Blas de Otero Poesia Lehiaketan

Bilboko Udalak sustatzen duen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VIII. edizioan, Mikel Etxaburu Hirian zainetan lanarekin suertatu da irabazle. Gaztelaniazko modalitatean, Ramón Pérez Parejok Gremios poema liburuarekin sari nagusia ere eskuratu du. Saritutako bakoitzak 5.500 euroko saria jaso du.

Hauez gain, atzoko sari-banaketan, Joseba Gabilondo idazleak jaso zuen Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioko saria euskarazko modalitatean, Globalizazioak eta erdi aro berria: diferentzien itzuleraz lanarengatik. Gaztelaniaz, Encarna Alonso Valerok irabazi zuen Mujeres en vanguardia. Escritoras y artistas en la España de preguerra izeneko azterlanarekin. Bakoitzak 6.000 euroko saria jaso du.

Blas de Otero Poesia Lehiaketaren azken edizio honetara 449 poesia-liburu aurkeztu dira eta horietarik 10 euskaraz. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketako azken edizio honetan berriz,  76 lan aurkeztu dira, 69 gaztelaniaz eta 7 euskaraz.

Mikel Etxabururen Hirian zainetan poesia liburuari dagokionez, epaimahaiak, “bertsoek niaren eta hiriko paisaiaren artean dagoen lotura erakusten duten modu berezia azpimarratu du, emozioz betetako ibilbidea egiten duen ahots poetikoarekin”. Idazle honek argitaratuak ditu Zu zara orain txoria eta Hodeiak zapatetan poesia liburuak.

Joseba Gabilondoren saiakerari dagokionez, “Globalizazioaren inguruan hainbat atzera itzulera eginez, aro biktoriarra, neobarrokoa eta erdi aroa gogorazten ditu eta, azkenik, barbaroen garaiko bizipenak irudikatzen, subjektuaz eta honen geroaz hausnartuz” azpimarratu du epaimahaiak. Joseba Gabilondok Euskadi Saiakera Saria eskuratu zuen 2014an eta Michiganeko Unibertsitateko (EEBB) Espainiera eta Portuges saileko irakaslea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button