ESZENA

Palestina oholtza gainean

Bilboko La Fundición antzokiak Palestina antzeztokira eramango duten bi ikuskizun estreinatuko ditu, 2026ko programazioari hasiera emateko.

Hala, urtarrilaren 17an eta 18an, Foot pieza izango da ikusgai, Ismail Khalidi idazle palestinar-libanoarraren benetako gertaeretan inspiratutako futbolari palestinar bati buruzko lana, eta Nourdin Batan protagonista duena. “Bakarrizketa poetiko bat da, futbolari palestinar bati eta bere herriko selekzioaren Munduko Koparako ezinezko bideari hitza ematen diona, bide hori kontrol militarrek, indarkeriak, erbesteak eta heriotzak markatzen baitute. Harresi bat eta baloi bat elementu eszeniko nagusitzat hartuta, piezak kontakizun intimo eta politikoa sortu du, hainbat hamarkadatako okupazioak harrapatutako gazteria palestinarraren irrika erakusten duena”.

Urtarrilaren 25ean, Federica Porello koreografo italiarraren Vicini muntaia ikusiko da. Bertan, dantza, keinuak eta objektuak palestinarren erresistentziako testigantzak eta poemak nahasten dira.

Emanaldi guztien ondoren, solasaldiak egongo dira, ikusleak konpainiekin edo Palestinako kausaren aldeko aktibistekin mintzo daitezen. La Fundición aretoko arduradunek adierazi duten moduan “arretaz entzutea sustatzeko, isiltasuna zalantzan jartzeko eta arte eszenikoak pentsamendu kritikoa, enpatia eta ekintza kolektiboa sortzeko gai diren lengoaia gisa aldarrikatzeko modu bat da zikloa”.

Programazioaren xehetasunak: La Fundicion.

Show More

Related Articles

Back to top button