LITERATURA

“Arte Hartze Zikloa” eta “Literatura Eragin” egitasmoak martxan

Arte Hartze Zikloa eta Literatura Eragin egitasmoak aurkeztu ziren atzo, Artziniegako Etnografia Museoan. Aipatutako bi ekimen horiek elkarrekin egingo dute estreinaldia, urriaren 8an, Zuhaitzekin Solasean izeneko ikuskizunarekin. Arte Hartze Zikloaren baitako lehenengo emanaldia izango da eta, aldi berean, Literatura Eragin ekimenaren abiapuntua.

Literatura Eragin egitasmoak aire akrobazia, musika eta literatura uztartuko ditu, euskarazko literatur testuak modu ludikoan eta aire zabalean irakurriak izan daitezen, Araban hasi eta Euskal Herri osoan zabaltzeko, urtean zehar.
Arte Hartze Zikloa urritik abendura bitartean izango da, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak antolatuta: bi igandean behin diziplina ugaritako artisten zuzeneko emanaldiak eta ondorengo solasaldiak uztartuko dira.

Euskal Idazleen Elkarteak ere bere gonbitea egin du modu honetan: “Udazkena hosto gorriz eta orbelez betetzen doan honetan, gonbidatu nahi zaituztegu ekitaldi polit eta eder batean parte hartzera: urriaren 8ko igandean, Artziniegako Artearen Santutegian. Paraje ederra zinez, zuhaitzez inguratua. Testu laburren irakurketa publikoa egingo dugu bertan: bakoitzak berak nahi duen testu zatia, norberak idatzia edo gogoko bat aukeratua. Bospasei lerro, bi-hiru minutuko testu kuttuna, guztion irakurketak luzeegi gerta ez daitezen. Musikari bat izango dugu lagun, gitarra elektrikoarekin, irakurketak girotzeko, eta zuhaitzetatik eskegita akrobata bat ariko da, testuen arteko pausaldietan, dantza mugimendu ikusgarriekin. Rouge Elea konpainiako Ander Fernandez eta Corine Cella arduratuko zaizkigu horretaz.”
Literatura Eragin saioak, lehenik eta behin Araban eragiten hasiko dira, eta hurrengo geltokia Beasainen izango da. “Literatura eragin lelopean, hitza musikan, naturan eta akrobazian bildu nahi genuke, eta, bidenabar, irekitasuna, ludikotasuna eta ikusgarritasuna eskaini. Ekitaldi hau aperitifa izango da aurrerantzean elkarrizketa eta gogoeta nagusituko diren gainerako ekimenetarako, girotzeko gonbit moduko bat. Bazkide talde batek amestutako ekimena izango da, besteak beste Patxi Zubizarreta eta Ekaitz Goienetxea bidelagunekin.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button