Nontzeberri

Manipulazioaz eta giza ergelkeriaz

Arriaga Antzokiak Komedia madarikatua antzezlanaren emanaldi bat eskainiko du gaur. Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena Mitxelena, Andrea Mora Ahedo, Uxue Fuertes Vega, Ziggy Docherty Sánchez eta Aitzol Villahoz Prietok osatutako Pabellón 6eko Gazte konpainiak euskaraz egindako antzerkirako muntaia eskainiko du, Idoia Barrondoren bertsioa erabiliz, eta 19:30ean ikusi ahal izango da. Obraren zuzendaritzaz Saioa Iribarren arduratu da.

Komedia madarikatua drama eta komediaren artean dabilen antzezlana da, eta manipulazioaz eta giza ergelkeriaz mintzo da.
“Jolas baten bidez gerraren zentzugabekeria irudikatzen duen satira bat da. Planteamendua honakoa da: lurreko arazoek kontu jainkotiarrak nahasten dituztenean, zeruaren eta infernuaren arteko borroka zaharrak ezusteko norabidea hartzen du. Hortik aurrera, gauzak gertatzen hasiko dira.”

Tríptico infernal testuaren egokitzapen bat da Komedia madarikatua. Testua Tomás Afánena da. Obrak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu eta 2023ko urtarrilean estreinatu zen, eta bira txiki bat egin ondoren, Bilbora dator berriro. Diogun moduan, euskarazko bertsioa gaur, otsailaren 8an iritsiko da Arriaga Antzokira. Gaztelaniazko bertsioa, Divina tragedia izenekoa, Pabellón 6 aretoan oholtzaratuko da, otsailaren 16tik 25era.

Exit mobile version