BESTELAKOAK

Oihaneder Euskararen Etxeak agur esango du

Zortzi urteko jardunaren ostean, Oihaneder Euskararen Etxeak agur esango du. Halarik ere, ekainean, musika-kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak, familia jarduerak ekimenak programatu dira.

“2014ko urriaren 15ean inauguratu zenetik, 2022ko ekainaren 30era bitartean, 66.500 erabiltzaile baino gehiago gerturatu dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretara. Gutxi gorabehera, urtean 10.000 lagun inguru hurbildu dira Oihanederrek eskainitako jardueretan parte hartzera (pandemia garaian izan ezik).
Euskal kulturaren erakusleiho izan da Oihaneder, eta bertan izan dira euskal sortzaile ugari beren lanak erakusten: idazleak, musikariak, aktoreak, margolariak, zinema zuzendariak, dantzariak, marrazkilariak, artista plastikoak e.a.
Eskaintza anitza eta askotarikoa izan da, eta kultura diziplina ezberdinak programatu dira, horrez gain, publiko segmentu ezberdinei zuzendutako jarduerak antolatu dira, ahalik eta eragin zabalena izate aldera.
Zentzu berean, kontaezinak izan dira eragile ezberdinengandik jasotako proposamenak, eta ahal izan den gehienei egin zaie leku. Izan ere, hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta. Oihanederren plaza izateaz gain, aulkiak nor bete ere izan da, zortzi urte hauetan erabiltzaile komunitate zabala osatu baita Euskararen Etxearen bueltan.
Denei, sortzaile zein ikus-entzuleei, babesle zein laguntzaileei, erakunde zein elkarteei, guzti guztiei, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, eta orain arte egindako bideak, etena baino, izan dezala jarraipena hurrengo proiektuetan.

Oihaneder Euskararen Etxea Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu genuen, eta zortzi urte hauetan proiektu berriari oinarri sendoak eraikitzeko balio izan du. Esan beharra dago urte hauetan guztietan ezinbestekoa izan dela Gasteizko Udalaren laguntza, eta bereziki Kultura eta Euskara zerbitzuena. Bertako arduradun, teknikari eta langileen laguntzagatik izan ez balitz, oihan eder baino, baso sastrakatsu izango zatekeen aurrera eraman den proiektua.
Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dugu kultur akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitugu, eta hori baita eguneroko lanabesa. (…) Guk gorputz oso bat eskaini nahi izan diogu euskarari, eta batez ere, Gasteizko euskaldunei Oihanederren. Gorputz abegikorra eta atsegina, indartsua eta eraginkorra, berritsua eta berritzailea, irudimentsua eta jostalaria, lagungarria eta laguntzailea…

Zortzi urte hauek aurrera egiteko kemena eman digute, beraz, Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko du Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button