LITERATURA

Oiartzungo Poesia Egunak

Eako Poesia Egunak utzitako hutsunea bete nahi da asteburu honetan gauzatuko den Oiartzungo Poesia Egunak ekimenarekin. Izan ere, “naturarekin erabat konektatutako egitaraua antolatzen da, auzolanean eta hainbat elkarteren arteko lankidetzan”.

Aurten, Arrastoa gai hartuta gauzatuko da ibilbide poetikoa. “Azkenaldian sumatu dugu euskal kulturarekiko kezka bat, guk geuk partekatzen duguna. Ez ote duen sortzen denak gero eta arrasto txikiagoa uzten, ez ote diren berehala sormen lanak iraungitzen, sarritan oihartzunik, eztabaidarik, aldekotasunik edo kontrakotasunik apenas sortu gabe, kutsadura estetikorik edo ideologikorik eragin gabe. Ideia horretatik tiraka, aurten testuak irakurriko dituzten herritarrei haiei dena delakoagatik beren bizitzetan arrastoa utzi dieten poemak aukeratzea eskatu genien”.

Bihar bertan (irailak 13) abiatuko da programazioa, eta 19:00etan, Irati Jimenezek Arbasoak edo mamuak: Euskal literatura bere bidegurutzean hitzaldia egingo du udalbatza-aretoan. 21:00etan, Loaren defentsan errezitaldia egingo du Oier Guillanek.
Eta 22:00etan, Loaldi poetiko kolektiboa antolatu da Landetxen. Oier Guillan, Titika Rekalt, Lohizune Telletxea, Luix Mitxelena, Ainhoa Alberdi, Ananda Berasarte eta Metrokoadroka kolektiboa arituko dira bertan.
Larunbatean Altzibartik Karrikara arte egingo da ibilbide poetiko bat, 11:00etan. Hor, herritarrek eta Oiartzungo idazleek Arrastoa gaiaren inguruko testuak irakurriko dituzte, eta idazle hauek beren liburu berrietako poemak irakurriko dituzte: Anjel Erro, Mikel Etxaburu, Aintzane Galardi, Maddi Sarasua, Oihane Jaka. Arratsaldean, 19:15ean, Erramun Martikorenak kantaldia eskainiko du.
Eta igandean, irailak 15, 19:00etan, Galbahea izeneko poesia emanaldi musikatua antolatu da Landetxen.

Ekimena antolatzen 1545 argitaletxea, Hitzen Lihoa, Kantagiltza, eta Metrokoadroka kolektiboa bildu dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button