
Gasteizko Udal Antzoki Sareak OFF Lokal ekimenaren deialdia abiarazi du, Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 51. edizioaren barruan, OFF Lokal antzerkia ohikoez bestelako espazioetan agerrarazteko deialdia da, eta apirilaren 30ra arte proposamenak aurkeztu ahalko dira.
Deialdi honen helburua “tokiko sorkuntza eszeniko berria bultzatzea da. Horretarako, hautatutako talde artistikoen eta Uda Antzoki Sarearen artean ekoiztuko diren sei proposamen eszeniko hautatzea proposatzen da. Egoitza fiskala Gasteizen eta Araban duten antzerki-talde profesional eta erdi-profesionalei irekita dago”.
Kontuan izan behar da proposatutako piezak ikusle kopuru mugatu baten aurrean erakusteko asmatu behar direla, eta antzezpen-espazio batean bideragarriak izan behar dutela, hurbiltasuna funtsezko faktorea baita. Hortaz, proposamen eszenikoek 15 eta 20 minutu arteko iraupena izan beharko dute.
Aukeratuko den obra bakoitza garatzeko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da.
Oinarriak esteka honetan kontsulta daitezke.



