ARTEA

“Angelu Zorrotza” erakusketa, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan

Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan, EHUko Arte Ederretako ikasleen erakusketa berria abiatu da: Angelu Zorrotza. Ekainaren 27ra arte, Euskal Herriko Unibertsitateko Pinturako azken Masterrean ikasle diren Jon Ibáñez Zabalak eta Maddi Iraeta Irigayk elkarrekin sorturiko erakusketa ikusgai izango duzue.

Piezak olioz eta aerografoz sortutako margolanak dira, eta paper eta mihiseen gainean pintatuak izan dira. Sorkuntza-lan horiek, “desberdinak baina osagarriak diren ibilbide artistiko biren dibertsitatearen eta aberastasunaren adierazgarri” dira.
Artista bien erakusketaren izenburuak zabaltzen duen kontzeptua erabili dute “antzekotasunari eta desberdintasunari buruz” berba egiteko. “Binomio hori partekatutako eguneroko esperientziaren eta norberaren iruditeria independentearen bidez bateratzen da, eta jarrera eta ezaugarri desberdinak dira horren guztiaren adierazgarri. Horren arabera, Jon Ibáñez Zabalak era bateko eta besteko koloreak, elementuak, formak eta testurak atontzen ditu olio-pinturaren bitartez, eta Maddi Iraeta Irigayk era errazagoan lantzen du hori guztia olioa eta aerografoa erabiliz.”

Angelu Zorrotza erakusketa, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2011tik EHUko Arte Ederren Fakultatearekin duen akordioaren barruan dago,  eta Bizkaian trebatutako talentu gazteen lanak erakusteko helburua du.
Erakusketa ekainaren 27era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button