
Gaurtik hilaren 10era bitarte, Prezinebi egitaraua egingo da, zeinak Zinebi jaialdiaren ateak irekiko dituen. Antolatzaileen arabera, “Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia motorrak berotzen hasi da”. Horretarako, Zinebi-Express lehiaketa abiatu dute eta Los Héroes Del Mal film luzearen zuzendari Zoe Berriatuarekin topaketa ondu dute.
Hala, gaur bertan, 20:00etan, Campos Antzokiko Kupula Aretoan, Zoe Berriatua antzezle, gidoilari eta zinegilearekin topaketa egingo da, Los Héroes del mal (2015) filmaren harira. “Ikaskide batzuen aldetik mota guztietako irain fisikoak eta psikologikoak jasotzeaz nekatuta dauden eta elkartzea eta mendeku hartzea erabakitzen duten hiru neraberi buruzko fabula beldurgarria (da filma)”.
Bihar, bestalde, 48 ordutan errodatutako film laburren Zinebiexpress lehiaketarako deialdi berria zabalduko da, 09:30etik 10:30era, Campos Antzokiko harreran. Aurtengoa hamargarren edizioa izango da. “Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko eta ostegunean, azaroaren 9an, sariak banatuko dira, Azkuna Zentroko auditorioan, 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira”.
Azkenik, eta Zinemakumeak Gara! talde feministarekin lankidetzan, larunbatean, 1974an gazte hil zen Sara Gomez zinegile afro-kubatarren inguruko saioa ere izango da. “Egitaraua Lola Calviño Cinemateca del Instituto Cubano del Arte y la Industria cinematográficos (ICAIC) izenekoaren zuzendariordeak aurkeztuko du, eta hil baino pixka bat lehenago amaitu zuen De cierta manera (1974) film luzea jasoko du”.
Informazio gehiago: zinebi.eus.



