ESZENA

“Emakume primitiboa”, Artium-en

Elena Aitzkoa arabar artistak Artiumeko Praxisen gunera ekarri du bere lantegia: Emakume primitiboa. Joan den ostiralean hasi zen performancearekin eta La revolución de las extremidades poema liburuaren aurkezpenarekin.

Emakume primitiboa areto huts batekin hasiko da eta Elena Aitzkoak Artiumen lan egingo du egunero, jendearen aurrean. Bisitariek bere sortze prozesua ikusi ahal izango dute, eskulturen bilakaera bereziki.
Aitzkoak bere pieza txikiak gauza arruntak erabiliz nola sortzen dituen ikusi ahal izango da, esate baterako, harriak, egur zatiak eta oihalak. Gai horiek manipulatu, elkartu eta banatu, eta azkenean elkarrekin korapilaturik edota bestela kokaturik uzten ditu, betiere kutsu poetiko handiz. Marrazkiek eta testuek ere tokia izango dute Praxis gunean.

Proiektuaren hasieran performance bat egin zuen ostiralean, martxoak 15. Artiumen egongo den denboran, Elena Aitzkoak beste bi performance egingo ditu, Gure maitasuna Erdi Aroan jaio zen, apirilaren 19an, eta Metopa eguzkitsuak, maiatzaren 10ean, aurrekoa bezala poema banarekin lotuak.

Elena Aitzkoak (Apodaka, 1984) Arte Ederretako lizentzia burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bere jardunak margolaritza, marrazkia, idazkera, pelikulak zuzentzea eta, bereziki, eskultura biltzen ditu. 2004an hasi zen erakusketak egiten. Zenbait bakarkako erakusketa egin ditu (I Love You Baby, Bilbo 2007, Mi padre quiere a mi madre, Bilbo 2009, Chocolate, chocolate muffin, Donostia 2011) .

Artiumen Praxis programa 2010eko urtarrilean abiatu zen eta bertan Guillem Bayo, Eltono, Wilfredo Prieto, Beatriz Olabarrieta, David Maroto, Juanli Carrión, Jenny Marketou, Itziar Barrio, Avelino Sala, Robert Waters, Jacobo Castellano artistek eta Roscubas anaiek parte hartu dute dagoeneko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button