MUSIKA

“Hotz egin duen arren”, Belatz gernikarren disko berria kalean

Belatz Gernikako taldeak bere bigarren diskoa aurkeztu du Azkue Fundazioak Bilbon duen Euskararen Etxean. Aurkezpeneko  prentsaurrekoan egon dira gainera Asier Zabala, Ibon Bilbao eta Endika Elizaga taldeko kideak. Eta euren ondoan, Baga Biga musika etxearen arduraduna, Ritxi Aizpuru ere, diskoa kaleratzeko ardura izan duena.

Hala, kaleratu duten lan berriaren nondik norakoen xehetasunak eman dituzte. Diskoa Urtzi Izak (Enkore, Empty Files) grabatu eta nahasi du Bilboko Rekalde auzoan duen estudioan eta 8 abestiz osatuta dator: 7/4, Barneko Zaratak, Hotz, Hotz, Besarkatu Nazazu, Surikatoak, Hey! Entzun!, Hemen gaude! eta Gauaren ilunean, hain zuzen. Kantu hauetako batzuetan gainera zenbait kolaborazio ere izan dituzte, beste batzuen artean,  Jokin Erkoreka Haxotz taldeko kideak  7/4 kantuan; Aneguriak Besarkatu nazazun abestian eta Sandra Tejerok Gauaren ilunean ahotsa jarri dute; eta Alvaro Olaetxea, Enkoreko kideak Hey! Entzun! kantan perkusioa eta  bateria jarri ditu.

Abestien nondik norakoak aipatu dituzte eta estudioan sortu edota landutako Hey! Entzun!   aipatu dute: “estudioan bertan atera zitzaigun, riff  batean du funtsa,  gero erritmo funky eta ukitu elektroniko bat erantsi genion. Ahotsei garrantzi  handiena eman diogun abestia  izan daiteke. Ideia txiki horretatik sortu den doinua da emaitza, dantzatzera bultzatzen zaituen erritmo dibertigarria”.

Endika Elizaga Belatz taldeko gitarra jotzaileak azaldu duenez, “iazko Banden Lehian lehiaketan irabazitako lehen sariaren emaitza da disko berria”, emaitzarekin oso pozik daudela gaineratuz.

Rock edo musika gogorraren abanikoaren barruan kokatzen dute diskoaren estiloa, baina abaniko horren barruan dauden askotariko estiloak uztartzen dituztela ere argitu dute, estilo ezberdinetako musikarekiko gustuek eraginda. “Rockaren barruan beti, eragin eta influentzia musikal estilo ezberdinen eraginez, gure estilo propioa lortu dugula uste dugu, gure esentzia islatuz”.

Ildo berean azaldu du Ritxi Aizpuruk ere diskoaren esentzia. Bere ustez, erritmo, doinu eta zapore asko ditu lanak, eta estilo askotik edaten duten doinuak entzun daitezke: “poparen erraztasunean, grunge leunenaren ukituetan, rock gogorraren atzaparretan, elektronikaren tantetan, baladaren gozotasunean, rock trinkoaren ziztadetan, rock amultsuaren besoetan”.  Hala, “batzuetan AC/DC edo Muse, hurrengoan Gatibu edota The Police, baita Nirvana eta  U2 ere, baina beti Belatz”, gaineratu du Aizpuruk.

Diskoaren izenburuaren nondik norakoez ere jardun dute. Diskoko abesti baten zati bat bada ere, esaldiaren zentzua baino haratago doan esanahia eman nahi, edota islatu nahi izan dute. Izan ere, euren orain arteko ibilbideak eman dizkien bizipenak jaso eta laburbildu nahi izan dituzte, “bizipen horiek eragindako gorabeherak. Baina hotz egin duen arren, aurrera goaz eta hementxe gatoz lan berriarekin”, adierazi dute.

Euskara batuan batzuetan eta beste askotan Gernikako bizkaieraz jantzi dituzte melodiak, baina beti eurak eroso sentitzen diren moduan, bata edo bestea izanda ere. Ildo beretik, erosotasuna lortzen dute gernikarrez abesten dutenean, naturaltasunez eta eurek hitz egiten duten moduan. Eta euskara batura jotzen dute aldiz, kantuen hitzei indarra eta sakontasuna erantsi nahi dietenean.

Era horretan, kantuen hitzak ere barne sentimenduak kanporatzeko baliatzen dituzte. “Nork bere sentimenduak ateratzen ditugu kantuen hitzetan, barnean ditugun sentimenduak”.

Urrian, Bartzlonako Sona makro-jaialdira doaz disko berria aurkeztera. Izan ere, ate berriak zabaldu dizkigu Banden Lehiako iazko sariketa irabazteak”, gaineratu nahi izan du Elizagak.

Diskoaren xehetasun guztiak dituzue Baga Biga Musika Ideiak web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button