
Noka Ekoizpena Euskal Herrin jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago. Deialdiaren ostean, programak bi proiektu aukeratu ditu: Zaira Zanguituren Pajarracos eta Maria Monrealen El santo que vestí. Zineuskadik Tabakalerarekin batera sustatu eta koordinatutako ekimenaren lehenengo modulua datorren martxoaren 13an egingo da, Donostian.
“Bi lan hauek garapenaren azken fasean eta aurreprodukzioaren hasieran daude, eta hainbat adituren aholkularitza izango dute gidoia eta ekoizpena amaitzeko prozesuetarako. Aurten hautatutako bi proiektuen jarraipena egingo duten lau tutoreak ere hautatuak izan dira. Gidoi eta zuzendaritza atalean, Mar Coll zinemagile, gidoilari eta irakaslea eta Itsaso Arana aktore, gidoilari eta zuzendaria arituko dira. Ekoizpenari dagokionez, aholkulari izango dira Chelo Loureiro, ikus-entzunezko formatu oso desberdinetan esperientzia luzea duen ekoizlea, eta Valerie Delpierre, Inicia Films etxearen sortzailea eta ikus-entzunezkoen industriaren barruan aniztasuna eta inklusioa sustatzen dituen ekoizlea”.
Parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.



