
Orion, Zumaian, Getarian eta Deban garatuko da aurtengo Nazioarteko Flysch Organo Jaialdia, uztailaren 7tik 27ra. Zikloaren xede solidarioa presente egongo da aurtengo edizioan ere, eta AFAGI Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkartearen eta AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen aldeko bi kontzertu solidario izango dira.
Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiak joan den astean abiatu zen Orion, eta asteburu honetan, hilak 14, jarraipena izango du Zumaian. Egun horretan Oblivion organo eta biolontxelorako programa garatuko dute Juan Ignacio Emmek, EOSeko lehen txeloak, eta Matias Sagreras organistak.
Uztailaren 20an, Getarian izango da zita. Mauro eta Victor Azconaren Basterretxeren Maiorazkoa da euskal filmografian osorik gordetzen den zinemaren garai mutuko fikziozko film luze bakarra. 1928an estreinatu zen. Ana Belen Garcia organista eta pianistak eta Thierry Biscary kantari, perkusionista eta konpositoreak jarriko diote musika filmari, inprobisazioekin.
Azkenik, uztailaren 27an, Deba bisitatuko du jaialdiak. Musika alemaniarra II, termino kronologiko eta estilistikoan, iazko edizioan Deban egin zen kontzertuaren jarraipena da. Kontzertu hartan J.S. Bach izan bazen helmuga, abiapuntu izango da oraingo honetan, organorako Tokata eta Fuga BWV 565 entzutetsuarekin. Programa osatzeko, Schubert, Liszt eta Wagner konpositoreen lanak izango dira entzungai.