
Gasteizko Jimmy Jazz aretoak jakinarazi duenez, asteon bi kontzertu interesgarri izango dira areto horretan. Hasteko, Napoka Iria bikoteak Arnasten Ikasteko Berriz izenburuko lan berria aurkeztuko du ostegunean, azaroak 14. Joseba B. Lenoir-ek ere joko du kontzertu horretan.
Eibar eta Elgoibarko Napoka Iria bikotea 2005ean eratu zuten Miren Narbaiza (ahotsa eta gitarra akustiko) eta Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta koruak) musikariek. 2011n Bergarako Zabalotegi aretoan grabaturiko zuzeneko lana kaleratu zuten, Lehertarazi edifizioak, eta urriaren hasieran bigarren lana plazaratuko dute: Arnasten Ikasteko Berriz. Diskoa Saran grabatu dute Iñigo Irazoki teknikariaren gidaritzapean.
Bestalde, Raimundo Amadorren kontzertua larunbatean, azaroak 16, izango da: “Raimundo Amador-ek bere gitarrak hitz egitea eta bere notekin konkistatzea lortu du; gizon normala, zintzoa, ijitoa, gaiztakeriarik gabeko bihurri aurpegia duena, eta bere eskuetatik musika era naturalean jaiotzen dena da, gutxi batzuek bakarrik izateko zoria duten, eta ahaztezin bihurtzen dituen jenioa dauka”.



