ESZENA

Artekartu konpainiak “Lautan Hiru” laguntza jasoko du

Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko Lautan Hiru izeneko laguntza berria sortu zuen iaz, Bilboko Udalaren babesarekin. Laguntza horren helburua euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntza.

Artekartu konpainiak irabazi du 2021eko Lautan Hiru laguntza, Hauts artean lan laburrari esker. Urtzi Oleagak zuzentzen duen konpainiak 1.000 euroko poltsa eskuratuko du eta antzezlana aurtengo Lautan Hiru jaialdian estreinatzeko aukera izango du.
Epaimahaikideen hitzetan, “lan zirikagarria da Hauts artean”, eta gidoiaren erritmo biziaz aparte, istorioak azken aldera erakusten duen ezustea ere nabarmendu dute epaimahaikideek.

Beste aldetik, Lautan Hiru jaialdiaren hirugarren edizioa udaberrian egingo da. Pairatzen ari garen pandemiak azken asteotan izan duen kaltezko bilakaera ikusita, otsailean egin behar zen jaialdiaren hirugarren aldia atzeratzea erabaki du Euskaltzaindiak, eta udaberrirako utziko dute antolatzaileek.

Gogoratu behar da Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbao-rekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin elkarlanean antolatzen duela jaialdia, eta egitasmoaren helburu nagusia “euskarazko antzerkia hauspotzea dela, euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita; bide batez, Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, hiriko kultura-aukerak zabaltzeko asmoz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button