
Etiopiako jazz musikari ezagunak uztailaren 22an joko du Elorrioko herriko plazan. Emanaldia Musikaire kultur zikloaren baita dago. Musikairek askotariko ikuskizunak bilduko ditu, hala nola, musika, kaleko antzerkia, dantza eta zirku garaikidea.
Mulatu Astatke Etiopiako musikari ezagunenetakoa da, 60ko eta 70eko hamarkadetan jazz musikaren abangoardia Etiopiako sustraiekin uztartzeagatik egin zen ezagun. Iaz Donostiako Jazzaldian izan zen jotzeko, baina azkenean kontzertua bertan behera gelditu zen musikari afrikarraren osasun arazoak tarteko. Orain, Elorrion ikusteko aukera izango da uztailaren 22an.
Musikaire zikloa, halaber, uztailaren 1ean hasiko da Soul Tellers madrildarren emanaldiarekin. Ara Malikian & Fernando Egozcue Quintet, Markeliñe antzerki taldea, Niño Costrini, Joseba Tapia, Diego Cortés, Circus Tanzia edo Amsterdam Klezmer Band dira egitarauan parte hartuko duten beste sortzaile batzuk.