BERTSOTAN

Bertsolaritza ardatz duten bi hitzordu berezi

Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolaritza eta umorearen arteko harremanez mintzatuko dira 19:00etan, Bilboko BBK Aretoan, eta Amets Arzallus eta Joxan Goikoetxea bikoteak Ihes egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, igandean, 19:00etan.

Bilboko Barrea jaialdiaren V. edizioak proposamen interesgarriak dakartza gaurtik aurrera baina guri interesatu zaigun bat gaur bertan gauzatuko da. Hala, gaur, BBK Aretoan, maila goreneko bi bertsolariren parte-hartzea izango da: Maialen Lujanbio (2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren irabazlea) eta Andoni Egaña (txapelaren aurreko jabea). 
Bikotea umoreaz arituko da: umorea diziplina honen osagairik oinarrizkoenetakoa da, baina zer da umorea bertsolaritzan? Nola eta noiz erabiltzen da? Nolako osagaiak erabiltzen dira, eta zergatik? Bat-batean egiteak ezaugarri berezia ematen dio. Zertaz, nortaz eta nola barre egiten dute bertsolariek eta entzuleek? Eta zer funtzio sozial betetzen du umoreak testuinguru horretan? Galdera horietan eta beste batzuetan oinarrituta, bi bertsolariak gaia aztertzen ahaleginduko dira, zenbait pasarte, bertso eta gairen laguntzaz.

Igandeko ikuskizunean Amets Arzallusek bertsolaritzaren bat-batekotasunaren mugak alde batera utzi eta bertso jarriak kantatu  eta testu idatziak irakurriko ditu Joxan Goikoetxearen musikaz lagunduta. “Ihes egiteko motibo asko ematen ditu munduak, bai hurbilean eta bai urrunean. Motibo horietako batzuk hautatu eta zenbait erretratu atera ditugu”, dio Amets Arzallusek.

Pertsonei buruzko hausnarketa bidaia batean murgilduko dute ikuslea, mugarik gabeko bidaia sakon batera edo mugaz jositako bidaia sakon batera gonbidatuz bertaratzen direnak. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button