
Gernikan eratu zuten Sarkor taldea 2004an lau lagunek. Gaur Bilbon izan dira hiru taldekide euren hirugarren lana aurkezten, Mundu kodifikatuen atzean. Gernikarrek autoekoizpenaren bidea jorratu dute hastapenetatik, baina oraingoan Baga Biga diskoetxearekin plazaratu dute lan hau erdibana. “Dagoeneko ez gara denetara iristen, lehen diskoa mugitzeko koadrilakoen laguntza genuen, jende gehiago ginen, baina orain laurok baino ez gaude”, azaldu du Gentza Madariaga abeslari eta baxuak.
Lau sokak astintzeaz arduratzen den kideaz gain, Asier Musatadi bateria jotzailea eta Jon Mikel gitarra jotzailea izan dira aurkezpen ekitaldian. Hirurekin batera, Ritxi Aizpuru Baga Bigako koordinatzailea izan da. Azken horren hitzetan, laukoteak punk rock jotzen du. “Duela hogei urte Bilboko Barrenkale kalean entzuten ziren punk talde ingeles eta estatubatuarren antzera, baina ez daude garai hartan ainguraturik”.
Horretaz gainera, taldeak ez ditu melodiak baztertzen. Gitarra zorrotzekin jositako punk rock melodikoa jorratzen du taldeak, melodia hori ahotsetan nabaritzen da batik bat. “Leihotikan talde guretzat erreferentzia da, punk estiloari buelta ematea lortu duen taldea da, baina egun kanpoko taldeetatik bertokoetatik baino gehiago hartzen dugu; lehen, ordea, alderantziz zen”. AEBetako mendebaldeko kostaldeko taldeen eragina nabaria da taldearen jarioan, Bad Religion edo Pennywise, besteak beste.
Diskoa Mungiako Muxik-on estudioetan grabatu dute 2012ko urrian eta azaroan di-da batean, hamabost egunetan, Jorge eta Iñigo Etxebarrieta anaien laguntza teknikoarekin. “Masterra duela hamar egun jaso dugu”, nabarmendu du Baga Bigako Aizpuruk.
Hitzei dagokienez, gai politikoak eta sozialak nagusitzen dira. “Hamar kantu jaso ditugu eta bakoitza gai baten ingurukoa da”, azpimarratu du baxu jotzaileak. “Begirada kritiko” horiek askotariko kontuak jorratzen dituzte, tartean, suizidioa, emakumearenganako indarkeria, agintarien eta herritarren arteko harremana edo garai digitalak ekarri dizkigun ohitura berriek nola hustu dituzten kaleak. “Sare sozialen bidez hitz egiten dugu etxetik, eta kanpoan gero eta jende gutxiago dago”.
“Egun goibeletan eginiko hitzak dira, logelan sartuta, ametsentzako tokia ere badagoen arren”, azaldu du Gentzak. “Pop estiloko hitz happy-en aurrean egiten dugun ekarpena da”, gaineratu du Asier Musatadi bateria jotzaileak. Finean, kantuen bidez, “kolorezko errealitate happy kodifikatu” horren atzean dagoen “zuri beltzezko mundua” erakutsi nahi dute.