LITERATURA

“Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak”, ipuin liburua

Goiatz Labandibar Arbelaitz (Oiartzun, 1985) kazetariak eskuratu zuen iazko Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Igartza saria. Urtebete eta gero, sari horrek bere fruitua ekarria du: asteon aurkeztutako  Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak  ipuin liburua.

Elkar argitaletxearen arabera, Europan barrena egindako bidaia luzea baten antzera egituratuta dago liburua. Hala, ipuin horien bidez, makina bat hiri bisitatuko ditu irakurleak, Marseilla, Venezia, Ljubljana, Zagreb eta Niza, besteak beste. Hiri horietako tren geltokiek berebiziko garrantzia izango dute ipuinotan: “Hiri batetik edo ipuin batetik besterako bidaia egitea proposatzen zaigun liburu honetan, geltokiak beti dira istorio baten abiapuntu edo helmuga”.

Ipuinak ezberdinak dira euren artean, batasuna lortzeko zenbait elementu jasotzen diren arren: “Ipuin bakoitzak bere istorioa, pertsonaiak, tokiak… ditu. Ez da errepikatzen bateko pertsonaiarik bestean. Akaso, a priori ez dirudi elkarren artean loturarik dagoenik. Baina kohesioa ipuinez ipuin errepikatzen den elementu bakarrak ematen dio: istorio bakoitzean, hiri bakoitzean, bertako tren geltokiak esanahi berezia du”, esan du idazleak Elkar argitaletxearen blogean jasotako elkarrizketan.

Gaiei eta formari dagokienez, gai eta estilo ezberdinak erabili ditu oiartzuarrak. “Batzuk hirugarren pertsonan kontatuak daude, beste hainbat lehenbizikoan, elkarrizketa gisan ere. (…)Gaiak ere denetarikoak dira: lagun mina hil ondoren egin duenaren arrazoiak ematen dituen hiltzailea; jaioterrira itzuli nahi ez duen baten bueltako bidaia…”.

Labandibarren hitzetan, ipuinok irakurri dituztenek nabarmendu dute bigarren mezuak dituztela, eta hausnartzera bultzatzen dutela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button