ESZENA

Musika, dantza eta antzerki saioak, Getxon

Getxoko Muxikebarrik programazioa ondu du hil honetarako, eta musika, dantza eta antzerki saioak ikusgai izango dira datozen asteotan zentroan.

Antzezkizunen artean Puertas abiertas eta Los mojigatos lanak nabarmendu behar dira. Horietako protagonistak Cayetana Guillén Cuervo eta Ayoub El Hilali, eta Gabino Diego eta Cecilia Solaguren aktore ezagunak izango dira, hurrenez hurren.
Antzerkiaren beste proposamen batzuen artean Losers (martxoak 20; euskaraz) aipatu behar da, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreek egiten dutena. Oso lan ona da, honakoa kontatzen duena: “Manuel eta Sandra adinean aurrera doaz -ia berrogei-, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe. Horregatik euren buruak galtzailetzat dituzte eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala.  Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antza bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?”
Azkenik, Pabellón 6 eta Makiescenicaren eskutik Ocaña (martxoak 21) lanaz gozatu ahal izango du publikoak.

Musika atalean, martxoaren 8an, Amak taldearen kontzertua programatu da. Lau musikari bildu dira proiektu horretan abesti propioak edota tradiziozko kantak interpretatzeko. Beste kontzertu interesgarri bat Dead Bronco taldeak burutuko du hilaren 27an, bere azken diskoa The Annunciation aurkezteko.
Dantza saioak ere ondu dituzte herri horretan, eta hala, Aukeran konpainiaren Biz Hitza (martxoak 13) ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Programazioaren zehaztasunak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button