LITERATURA

Munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera

Julen Apella Santamariak DK Poesia Sariaren 6. edizioa eskuratu zuen eta orain, Postal bat desertuan poema-liburua kaleratu du Balea Zuria argitaletxearekin.

Postal bat desertuan poema-bilduman ahots gazte baino sendo bat suma daiteke liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak…

“Azalaren mapetan gutxi dira/libreak diren lurraldeak; lausoak dira/haien arteko mugak, eta nekeza/haien arteko bizikidetza. Mapen eraketa/mapen konponketa da. eta artea da: mina da./Habitatutako lurralde bakoitza/mapa puskatzen duen/orbain bat delako”.

Julen Apella 1998an jaio zen Berrizen, Euskal Ikasketetan graduatua da, eta literaturaren inguruan burutu ditu ondorengo ikasketak. Gaur egun euskara irakasle gisa dihardu, eta literaturaren esparruan hauxe da argitaratzen duen lehen lana.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button