MUSIKA

Monday Potions, Nightwaves, Jonsor eta Laztana Laztana, Hiriko Soinuak lehiaketaren zazpigarren edizioko irabazleak

Finala aurreko larunbatean ospatu zen Barakaldoko San Bizente parkean eta 450 pertsona inguru hurbildu ziren festara. Jaialdian bederatzi artista aritu ziren: Del Val, Deriba eta Monday Potions, kategoria nagusiko finalistak; Ardo Beltza, Clara Corral & Cute Canallas eta Nightwaves, Barakaldoko artistarik onenaren kategoriako finalistak; eta Alas Glow, Jonsor eta Naz, BBK-Berdintasun sariko finalistak. Emanaldien ostean, epaimahaiak kategoria bakoitzaren irabazleak jakinarazi zituen euskarazko artista onenaren sariarekin bat, Laztana Laztana-rena hain zuzen ere.

Monday Potions Eneko Peñaren proiektua da, pop barrokoaren eta art rockaren artean ibiltzen den musika proposamen eklektikoa, orain laukote formatuan. Nightwaves amerikar sustraiak dituen rock klasikoa egiten duen boskotea da, ibilide luzea duten musikariez osatua dagoena. Jonsor Getxo aldetik datorren rock progresiboko hirukotea da, hala ere, finalean bikotean ibili ziren. Azkenik, Laztana Laztana elektronika, urbana, popa eta rocka modu finean nahasten dituen proiektua da.

Saritutako lau taldeak urriaren 24an eta 25ean arituko dira Barakaldoko Herriko plazan ospatuko den Hiriko Soinuak doako jaialdian. Laztana Laztana eta Monday Potions-ek, Biznaga eta Bala taldeekin partekatuko dute eszenatokia ostiralean, eta larunbatean Reincidentes eta Sandré taldeekin ibiliko dira Jonsor eta Nightwaves.

Herriko plazako kontzertuez gain, Hiriko Soinuak lehiaketako gainerako sariak honako hauek dira:

Kategoria nagusiko eta Barakaldoko artistarik onenaren sarituentzako (Monday Potions eta Nightwaves) disko bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzea Gaua Producciones estudioan. BBK-Berdintasun saria jaso duenarentzako eta euskarazko artistarik onenarentzako, Jonsor eta Laztana Laztana hain zuzen ere, 4 abestiz osatutako EP baten grabaketa, ekoizpena eta masterizazioa Gaua Producciones estudioan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button