MUSIKA

The Uski’s-ek “Tximinotan” lana aurkeztu du

The Uski’s boskote bizkaitarrak Tximinotan (Baga Biga) izenburuko laugarren lana argitaratu du. Anartz Laka (gitarra eta koruak) eta Oier Laka (gitarra, baxua, organoa eta koruak) taldekideek aurkeztu dute azken lan hori gaur goizean Bilbon, Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkariarekin batera.

Laugarren lan honek aurrekoen ildoa jarraitzen duela argitu du Oierrek hitza hartu bezain pronto. “rock-and-rolla (R&R) da, agian, aurreko lanekin alderatuta ekoizpenean dago aldaketarik handiena”. Izan ere, grabazio berri hau rock zaleagoa dela azpimarratu dute, gitarrek presentzia handia dutelako eta ahotsak, berriz, atzerago gelditu direlako grabazioan. “Gitarrentzako toki gehiago dago disko honetan”, azaldu du Anartzek.

Hala, 13 kantu hauetan 60ko hamarkadako rockaren ohiko eraginak nabaritzen diren arren, badira country, funk edo rockabilly zantzuak ere. “Rock kantu biziak eta baladak tartekatzen dira”, azaldu du Oierrek. Diskoa Mungiako Musikon estudioan grabatu dute aurtengo urtarrila eta otsaila bitarte Iñigo Etxebarrieta Pitu teknikariaren gidaritzapean.

Diskoaren izenburuaren harira, Tximinotan, txipiroitan egitea aipatzen du haien euskalkian. Gogoratu The Uski’s Ibarrangelu eta Elantxobe ingurukoak direla. Hala, aipatu dute egungo krisi ekonomikoaren ondorioz tarte gehiago dutela nahi dutena egiteko lanik gabe gelditzen ari delako, tartean, txipiroitan joatea. Egoera latz hori jorratzen du, hain zuzen ere, Ere Ke Ere kantuak. “Gu geu eta lagun asko lanik gabe gelditzen ari gara, eta langileen aldeko oihu bat egiteko garaia zela uste izan dugu”.

Gainontzeko kantuetan taldearen ohiko gaiak jorratzen dituzte, alegia, neskak eta parranda zaletasuna. “Betikoak izaten jarraitzen dugu, The Uski’s dantzarako taldea da, eta hitzetan lantzen ditugun gaiak pop-aren gai klasikoak dira, gai sinpleak: neskak, lana…”, esan du Anartzek.

Azkenik, The Uski’s boskotearekin dantzatzeko zenbait hitzordu iragarri dituzte Laka anaiek. Hala, ostiralean, hilak 20, Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, eta 28an, Ondarruko Kafe Antzokian. Maiatzean, halaber, Bilboko Kafe Antzokian. Hiru emanaldi horiek doakoak izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button