LITERATURA

Udaberrian agertuko diren zenbait titulu

Urte berriarekin batera, argitaletxeek martxan jartzen dituzte euren engranaje guztiak, bedatseari begira lan berriak kaleratzeko. Titulu batzuk, honezkero jakitera eman dira.

Esaterako, Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaile gazteak bere lehenengo nobela (Erraiak izenburua jarri dio) kaleratuko du. Joan den urteko Igartza Sariaren irabazlea izan zen Sarriugarte.

Ana Malagonek Lasai, ez da ezer gertatzen titulupeko mikroipuinen bilduma bat kaleratuko du. Iban Zalduaren hitzaurrea ekarriko du lan honek eta haurtzaroa, maitasuna, heriotza nahiz bizitza modernoaren inguruan ardaztuko da. Karlos Linazasoro idazle porrokatuak ere beste titulu bat ekarriko digu, Alferrik ez balitz. Iñigo Aranbarri Apirila izeneko lana atontzen ari da, eta Gotzon Barandiaranek eta Lander Garrok nobela bana publikatuko dute.

Nobela beltzaren inguruan, Iñaki Irasizabalek Odolaren deia kaleratuko du. Istorioa, Bizkaiko eskuinaldeko herrietan gertatzen da, Sopelan eta Getxon. Ez zen diruagatik izena jarriko dio bere lan berriari Ana Jakak.

Poesiaren arloan, besteak beste, Sarrionandiaren antologia argitaratuko du Pamielak. Egileak berak egin du gustuko dituen 40 bat poemen hautaketa.
Josetxo Azkonaren Galdeak eta baleak lanak ere argia ikusiko du. Udaberrian ere Jule Goikoetxearen lehen liburua argitaratuko du Susa argitaletxeak. Eta Asier Serranok eta Harkaitz Canok obra berriak ere kaleratuko dituzte.

Saiogintzan, Antton Lukuren Libertitzeaz eta Mitxelko Urangaren Eros(ki) tituluak agertuko dira. Bigarren lan hori, 2013ko Juan Zelaia Sariaren ex aequo lan irabazlea da, Oskar Arantzabalen Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari saiakerarekin batera.

Eta txikienentzat, Leire Bilbaok, Alaine Agirrek, Aintzine Mendizabalek edota Xabier Mendigurenek lan berriak idaztiko dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button