BESTELAKOAK

Zabalik dago 2011ko Ahotsenean izena emateko epea

Durangoko Azokan zabaldu zituen bere ateak Ahotseneak 2008. urtean. Sortzaileen Gunea, aurten ere abiatuko dute antolatzaileek eta horretarako deialdia egin dute. Ahotsenea, Sortzaileen Gunea gune jakin bat izango da aurten ere, bost egunez, abenduaren 4, 5, 6, 7 eta 8an.

Ahotsenea Landako eraikinaren albo batean egongo da, iaz legez. Azokara bertara etorriko diren sortzaileekin izango diren elkarrizketa, mahai-inguru, solasaldi eta zuzeneko musika emanaldiek osatuko dute programazioa, baina batez ere, literaturazale/musikazale/ ikusle/entzule parte hartzea bermatuko da.

Zelan parte hartu ahotsenean? Solasaldia: Kazetari bat laguntzaile dela, lana jendaurrean aurkeztu ahal izango da 30 minututan. Errezitaldia/Irakurketa: Sortzaileen lanaren laginak irakurri ahal izango dira 30 minutuan; Kantalditxoa: 30 minutuko kontzertu txikiaren bitartez aurten kaleratu duzuen musika erakutsi ahal izango duzue, eta beste edozein eratara, hori bai, gehienez ere 30 minutuko tartea izango da. Baldintza bakarrak dira, lana euskarazkoa izatea eta 2011n plazaratutakoa izatea.

Eskariak e-posta bidez baino ez dira jasoko eta iritsi ahala beteko da ordutegia. Sortzaile guztiok aukera berberak izango dituzue baina telefono bidez ezingo da izenik eman, telefono bidez argibideak baino ezingo dira eskatu.

“Aurreko bi urteetan sortzaile eta antolatzaileok bat egin genuen balorazio batean: 30 minutu zuzeneko bi emanaldi jarraian burutzea ezinezkoa da ordutegia bete gura badugu. Hori dela-eta, aurten tartekatu egingo ditugu aurkezpen-solasaldiak eta zuzenekoak, hartara, zuzenekoa prestatu behar duenak 30 minutu izango ditu gutxieneko soinu-proba egiteko.” -jakinarazi dute Ahotseneatik.

Informazio guztia ekimenaren webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button