IKUS-ENTZUN

Mendiaren kultura islatzen duten ikus-entzunezkoak sustatu nahian

Mendi Film jaialdiak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak eta Ternuak, Mendi Film Bizkaia-Ternua bekaren 4. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Beka horrek mendiaren kultura islatzen duten ikus-entzunezkoak sustatu nahi ditu, eta zuzendari gazteei lan berriak sortzeko ere aukera eman nahi die. Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren laugarren edizioan izena emateko epea maiatzaren 31n bukatuko da, eta irabazleak mendi zinemaldiaren 17. edizioan plazaratuko du bere filma, 2024ko abenduan.

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, edota adina beste bat izanik ere beraien lehen lana aurkezten dutenek aukera izango dute bertan izena eman eta saria irabazteko, izan ere, hautatuko den proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza eta aholkularitza programa eskainiko dira.

Aurkeztu diren lanek mendiaren esparrua islatu beharko dute, bertan garatzen diren makina bat jardueren bidez: alpinismoa, eskalada, eskia, beste motatako mendiko kirol jarduerak, abentura, esplorazioa, jarduera kulturalak, linguistikoak, artistikoak, ekonomikoak…

Behin proiektuak guztiak aurkeztuta, honako epaimahaikideek aztertuko dituzte: Lara Izagirre, zinegilea; Alberto Iñurrategi, mendizalea; Itziar Garcia, zine ekoizlea; Aitor Gisasola, zinegilea eta ikus-entzunezko irakaslea; eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Elkarteko zuzendaria. Bekaren 3. deialdiko proiektu irabazlea lanketa prozesuan dago orain. Leire Egaña zuzendari euskaldunak hartu du lekukoa, Bost bide pelikularen egitasmoarekin.

Oinarriak eta izen-emateko formularioa www.mendifilmfestival.com webgunean daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button