
Arabako Mendialdeko bertso eskolak Mendialdeko bertso zortea disko berria aurkeztuko du ekainaren 10ean, 19:00etan, Kanpezuko kultur etxean. Bertan ere zuzeneko kantak entzun ahalko dira. Lan honetan “azken urtetan egitasmo ezberdinetarako sortutako bertso musikatuak bildu dituzte.”
Mendialdeko bertso zortea diskoa auzolanetik sortu da. “Zortearen bidez, etxerako egurra biltzen da, basoak garbitu eta berritzen dira, etxea berotzen da, suaren inguruan bildu eta berotu… Disko honetan beraz, modu batera edo bestera bildu nahi izan dute mendeetan zehar Mendialdean hain ohikoak izan diren ekimenak eta bertsoekin uztartu”
Diskoan parte hartu duten kolektiboak hauexek izan dira: Mendialdeko Bertso eskola, Maeztuko Amezti euskara taldea, Kanpezuko XVII. mendea kultur elkartea, AEKko ikasleak (Lagran, Maeztu eta Kanpezu), Lamingorriak emakume taldea, Kanpezuko institutoko DBHko ikasleak, Korresko herritarrak, Kanpezuko Gazte Asanblada, The Ashes musika taldea, Mendialdeko gaitero, txistulari eta musikariak.