
Maiatzean Euskal herriko hainbat txokotan izango da Mendi Film Festibalak bultzaturiko Mendi Tour ekimena. Betiko legez, mendia, abentura eta naturaren inguruko zinema zikloa pelikularik zirraragarrienak hedatzen ari da Euskal Herritik (bai eta Espainiatik ere).
Aste honetan, hilak 13, Arrasateko Amaia Antzokian izango dira emanaldiak, eta horien artean nabarmentzekoa da Haize Lerroak, Janire Etxabe dantzariak eginiko euskarazko film ederra. Janire Etxabek, lau urteetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerroak dokumentatzen ditu. “Amets batek, sentimendu batek aldatu daike paisaia? Dantza bertikala probatu neban momentutik argi izan neban bide honetan jarraitu gura nebala. Geure etxean, mendietan, hegaz, zintzilik. Definitzen ez dan sentimenduaren bilaketa etengabean”.
Hil honetan antolatu diren beste hitzordu batzuk honakoak herri hauetan izango dituzue: maiatzaren 20an, Azpeitiako Soreasun, 22an, Mallabiako Kontzejuzarran, eta 22tik 29ra Zarautzeko Modelon.
Pantailaratuko diren tituluak eta beste jakiteko: Mendi Tour.