
Eztabaidak Literaturarekin egitarauaren barruan, Uxue Alberdik eta Xabier Amurizak literaturaren eta bertsolaritzaren arteko eraginei buruz hitz egingo dute Bilboko Bidebarrietako Liburutegian, gaur, arratsaldeko 19:30ean.
Seigarren edizioan, Euskal Literatura eta Bertsolaritza: Elkarren eraginak izenburupean abiatuko dute ekitaldia, bertsolaritzatik literaturako zenbait formetara heltzeko xedez eta alderantziz ere bai. Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak moderatuko du Uxue Alberdiren eta Xabier Amurizaren arteko topaketa-eztabaida.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984), bertsolari, literatura tailerretako irakasle, artikulugile, itzultzaile, eta hainbat literatura lan ederren egilea da: Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), Aulki jokoa (Elkar, 2009) eta abar. Udazken honetan Euli-giro izeneko bere azken lanak ikusiko du argia.
Xabier Amurizari (Amorebieta, 1941) dagokionez, Euskal Herriko bertsolari txapeldun izan zen 1980. eta 1982. urteetan. Bertsolaria izateaz gain, Amuriza idazle handia ere bada. Bost eleberri, poema liburu bat eta autobiografia bat idatzi ditu, eta horrez gain, hedabide askotan idazten du.
Beste aldetik, gaurko egunak beste protagonista batzuk ere baditu Bilbon. Gaur, BBK-Poesía Vasca izeneko jardunaldien barruan, Jon Benito idazleak eta Bide Ertzean taldeak Ez zaitut abandonatuko emanaldia egingo dute. Imanol eta Joni Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik osatutako hirukoa Jon Benito idazle zarauztarrarekin elkartu da poesia eta musika uztartzen dituen ikuskizun honetarako.