MUSIKA

Benito Lertxundiren “Oroimenaren oraina”

Titulu horrekin plazaratu du Orion jaiotako kantariak bere azken lana. Laster batean kanta berriekin osaturiko kontzertuak ematen hasiko da eta data batzuk jarrita ditu honezkero.
Hala, maiatzaren 18an, 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian izango da; maiatzaren 19an, 20:00etan, Donostiako Kursaal Auditorioan eta azkenik, ekainaren 6an, Iruñeko Baluarte Auditorioan arituko da oriotarra.

Kantari enblematikoa da Euskal Herrian, eta belaunaldi askok gozatu dute bere kantu mitikoekin. Ez du etsitzen eta kantak moldatzen eta sortzen segitzen du Benitok.
Elkar diskoetxetik bidalitako oharrean hauxe irakurri dugu, “Orioko kantagile eta kantariak, aurreko guztiari aldioro gehitu ohi dizkion estetika erakargarriak eta musika maila gorenak eraginda, gure herriko proposamen artistikorik eraginkorrenetakoa bezain iradokitzaileenetakoa bilakatu da Lertxundiren obra; kantuen kalitate ukaezinagatik ez ezik, batik bat, horien bidez eskaintzen digun begirada gozoaren zintzotasunagatik lortu du hori guztia.

Artistak betidanik ohitu izan gaituen legez, Oroimenaren oraina hau ere, sortze lan zaindua da, sakona eta sentsuala, era berean; bizitza osoa abestien sorkuntzari eta interpretazioari eskaini ondoren, Benito Lertxundik, bere hirurogeita hamargarren urtemugan aurkezten duen opera bikaina.”

Disko honetako hitzak, hamar kanta atseginen emozioaren suspergarri, Fernando Pessoak, Jon Maiak, Jose Ramon Uriartek, Olatz Zugastik, Kirmen Uribek, Pako Aristik eta Lertxundik berak konposatuak dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button