BESTELAKOAK

“MarraziOak” jardunaldiak prest dituzte udazkenerako

MarraziOak ekimenaren XIII. edizioa udazkenean egingo dute, irailaren 27tik urriaren 1era, Bye Bye, Gizontxo! Tipoak, Estereotipoak eta Arketipoak izenburupean. Deialdia zabalik dago eta eskaerak aurkezteko azken eguna uztailaren 11 izango da.

Aurtengo deialdian ondo azaltzen da edizio berri honetako oinarriaren zergatia: “Duela zenbait urte, emakumezkoaren errepresentazioan oinarritutako ikastaroa eskaini zuten MarraziOak jardunaldien baitan Ignasi Blanch marrazkilariak eta Harkaitz Cano idazleak …eta errauskine bere errautsetatik berpiztu zen izenburupean. Orduko hartan, artearen historian egin den emakumearen errepresentazioari buruz hausnartu, emakumezko pertsonaien estereotipoetatik urrundu eta emakumearen errepresentazio berriak eraikitzen saiatu ziren. Bost urte beranduago, ikastaro haren B aldea proposatu eta estereotipoez haratago doan gizonezko berri baten marrazketari buruz modu kritiko batean hausnartuko dute MarraziOaken aurtengo edizioan: Binarismoaren tranpetatik ihes egin eta alfa maskulinitate zaharkituari muzin eginez, nola marrazten da egun gizonezkoa? Aldatu da batere duela hamarkada batzuetatik hona? Zeintzu dira mutiltasun berriaren ezaugarriak? Rolez eta ofizioez haratago, gizonezkoak beren gorputzarekin duen balizko harremanari eta harreman horri buruz emakumezkoek duten ikuspegiari buruz eztabaidatzea da asmoa. Zeintzu dira adinaren adierazleak, denborak gorputzean utzitako markak? Zeintzu izan dira geure inguruan –familian, lagunartean– ezagutu ditugun gizonezkoen erreferentziak eta nola eragin du horrek geure istorioetan marraztu izan ditugun pertsonaien karakterizazioan? Zerk sentiarazten gaitu deseroso eta zergatik?”

Gizonezko pertsonaien errepresentazioaren moldeez eta zergatiez hausnartzeko, ilustrazioaren, literaturaren, artearen eta zinearen munduko hainbat adibide ekarriko dituzte irakasleek aurtengo MarraziOak jardunaldietara. Eta  hainbat galdera proposatuko dira: Nola irudikatu izan dugu maskulinitatea Historian zehar? Zeintzuk dira bere rolak eta itxurak gaur egungo ilustrazioan? Lortuko ote dugu inoiz estereotipoak deuseztatzea? Zergatik irauten dute? Badute abantailarik?

Aurrekoan bezala, Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch izango dira irakasleak.

Deialdiaren xehetasun guztiak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button