
Hil honetan, Jazz Zaharrean musika-egitaraua garatuko da Gasteizko alde zaharrean. Lehenengo emanaldia bihar bertan egingo da, eta hilaren 10era arte iraungo du. Antolatzaileen aburuz, “Eguraldia bezala aldakor dator aurtengo edizioa: taberna berriak eta espazio berrituak, baina beti bezala jazzjasa aldakorrak, funkeurite sendoak, soul ekaitz mardulak, swingostarte zabalak eta blues txingor mehatxagarriak izango dira. Espero dezagun benetako eguraldia eguzkitsu izatea eta bota beharrekoak musikariek eta beren doinuek baino ez botatzea”.
Bihar, hain justu, The Boomsbury Group taldeak joko du Gora Project gunean, 19:30etik aurrera. Eskarmentu handiko musikari gasteiztarrek abiatutako egitasmoa da, eta estilo beltzak jorratzen dituzte; tartean, soul, rythm and blues, jazz edo bossa nova. “Errepertorio anitza bereganatu dute: Sting, Amy Winehouse, Peter Gabriel, Stacey Kent…”.
Gero, 21:00ak bueltan, Trizak taldeak joko du Parral tabernan: “Jazz musikan nahiz bestelako alorretako hainbat proiektutan ibilitako hiru musikari elkartu dira bertan: Jon Piris, (kontrabaxua), Hasier Olega, (bateria), eta Julen Izarra (saxoa). Formazio berezi honek musika inprobisatua du oinarri”.
Gainerako emanaldiak hauexek izango dira: asteazkenean, Swing Bullets, María La Gorda gunean; ostegunean, The Breitners, Dazz aretoan, eta Azkaiter Pelox, Gorbea Bodegoian; ostiralean, Gora Club Jam Session izeneko saioa izango da, Gora Project-en; larunbatean, Anita Parker, Falerina Lorategian; eta igandean, hiru kontzertu izango dira: Danilo y Su Código Habana, Jango lokalean; Tobaco Road, Bakan aretoan, eta Elh Malick, María La Gordan.
Datorren astean, eta egitaraua amaitzeko, bi emanaldi izango dira: astelehenean, Aldo y Los Guarapachangueros, Qino Tabernan, eta asteartean, Dr. Maha’s Miracle Tonic, Parral Tabernan.