LITERATURA

Maite Toledoren poesia liburu berria

Maite Toledok (Zaldibia, 1966) Hemen (Ediciones Beta) olerki bilduma aurkeztuko du maiatzaren 3an, ostirala, Donostiako Alde Zaharrean dagoen Noventa Grados lokalean, 20:00etan. Olerki berri hauek glamourraren inguruan ardazten dira.

Idazlearen esanetan, glamour kontzeptuaren atzetik aritu da azken boladan: “Zergatik? Bada, gustuko dudan zerbait da; plazera sortzen dit, eta iradokitzailea iruditzen zait oso”. Izan ere, galmourra luxuarekin, modarekin edo zinearen izar sistemarekin loturiko zerbait baino gehiago dela uste du gipuzkoarrak. Hala, glamourrez eta modaz inguratua bizi izan zen Cristobal Balenciaga jostunaren hitz batzuk hartu ditu abiapuntutzat Toledok: “Moda sortzaile onak, arkitektoa behar du izan diseinurako, eskultorea formarako, margolaria kolorerako, musikaria harmoniarako eta filosofoa neurrirako”.

Esaldi horren harira, idazleak baieztatu du glamourra artea dela, adierazteko modua. “Arkitekturarekin, argazkigintzarekin eta dramarekin ere lotzen da, eta nola ez, gizakiokin”. Gizakion glamourraren harira, norberaren potentzialtasunak nabarmendu ditu, norberaren burua onartzeko gaitasuna.

Toledok beste lau poesia lan argitaratu ditu: 2012an, Jet Lag (Ediciones Beta); 2007an Poesia Orduak (Donostiako Udala), eta 2003an Linterna Gorria (Bihotz Bakartien Kluba). Horretaz gainera, Katsaren Olerkiak bildumaren azken lau edizioetan parte hartu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button