San Telmo Museoak bultzatzen duen Museo Bikoitza programaren barruan, Maddi Barberrek Harria eta Poltsa erakusketa paratu du.
2018an jarri zen abian Asier Mendizabal artistaren proposamena, eta Ibon Aranberrik, Erlea Manerosek, Jose Mari Zabalak, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkumek eta Hinrich Sachsek parte hartu dute orain arte.
Maddi Barberrek seigarren edizioan hartuko du parte Harria eta Poltsa instalazioarekin. Proposamen artistikoak bi elementu ditu: film bat eta pantaila bat. “San Adriango aztarnategian Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologi talde batek gauzatzen dituen lan prozesuetan murgiltzen da filma. Jarraipen hau artxiboko materialekin tartekatuz, filmak arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen ditu, bai eta bi praktika hauek objektuen desplazamendua sortzeko duten modu desberdinak ere. Bi elementuak, orain instalazio honetan elkarri lotuak, autonomoak izango dira San Telmo Museoaren bilduman integratzerakoan; filma beste pantaila batzuetan ikusi ahal izango da eta mugitzen ari diren beste irudi batzuk hartuko ditu pantailak”.
Maddi Barberrek (Artzibar, 1988) ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Lan zinematografiko dezente egin ditu, tartean, Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, eta 592 metroz goiti, makina bat tokitan erakutsi direnak. 2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, eta ESAPBko (École Supérieure d ‘Art Pays Basque) irakaslea da.